IPUIN KONTAKETA (PRACTICUM II)
EGUZKIBEGI IKASTOLA (GALDAKAO), H.H. 5A (25 UME)
Modulu laneko ipuina lantzen hasteko, umeei gaurko egunean koloreak landuko genituela azaldu diet, ia koloreak ezagutzen zituzten eta hori konprobatzeko jolas bat egingo genuela (kolore kolore jolasa) azaldu diet, ilusioa egin die eta emozioz saltoka hasi dira.
Jolasa zertan datza azaldu diet; nola bikoteka jarri behar ziren eta batek begiak itxi behar zituela eta bestea gidaria izango zela. Kolore bat esaten nuenean, gidaria itsua zenari kolore hori duen objektu batera eraman behar zion. Hasiera batean gidariak ez zuten asko kontrolatzen eta itsuak kolpeak hartzen zituzten edo beraien artean bultzatzen ziren, baina jolasa aurrera joan den heinean, hobeto kontrolatzen joan dira. Azaldu diegu nola itsua min hartu ezin zuen orduan lasaiago egiten hasi dira eta hobeto joan da.
Jolasa zenbait alditan errepikatu eta gero ipuin kontaketara pasatu gara. Ipuin dibertigarri eta polit bat kontatuko niela esan diet eta asko poztu dira, ipuinak oso gustukoak dituztelako. Ipuina “koloreen mundua” izena zuela esan diedanean interesa erakutsi dute. Ipuinaren irudiak eta istorioa asko gustatu zaie, galdetzen zidaten ia liburua nik egindakoa zen eta ipuinari buruz zergatik ez zieten arrosa eta urdina pertsonaiei uzten nahi zutenera jolasten, ze beraiek nahi zutenera jolasten zuten beti eta horregatik moreak zirela. Hau gero egindako jardueran argi ikusi da.
Ipuina kontaketaren ostean, ipuinarekin esperimentatu dituzten sentimenduak marrazki librearen bitartez adieraztea proposatu diet. Kolore askotako irudiak egin dituzte, ipuinean agertzen ziren gehienak, baina batez ere kolore morea erabili dute, oso esanguratsua izan da. Neska askok ere arrosaz margotu dute, kolore hori oso gustukoa dutela esanez. Behin amaituta, euren sentimenduak adierazteko marrazkiak deskribatzen saiatu dira gelakideen aurrean. Gehien gustatu zaien kolorea edo burura etorri zaiena margotu dute. Gehienak pertsonak margotu dituzte kolore desberdinez, beste batzuk etxeak egin dituzte, animaliak... eta beraien azalpenen artean ugariena bere inguruko gauzak margotzea izan da, lagunak, familia, etxea, animaliak....
Landutako aholkuei jarraituz, esan behar dut ipuina kontatzerako orduan, nire jarreran zenbait gauzetan erreparatu dudala; ikasleen erritmoa errespetatzen saiatu naiz, motibagarria izaten, ikasleen egoera pertsonalak kontuan hartzen (hizkuntza eta ulerkuntza maila), pazientzia eta gertutasuna izaten, enpatia, afektibotasuna, eta maitasuna transmititzen. Aktiboa egoten saiatu naiz, ikasleen autonomia bultzatuz, ikasleekiko interakzioa edukitzen, guztien parte-hartze demokratikoa gauzatzen, ikaslea protagonista bihurtuz.
Hitz egiterako orduan,erakargarria eta ahozkotasun argia izaten saiatu naiz, esaldi argi eta sinpleak egiten, tonu egokia erabiltzen, erritmo ulergarri batetan, ikasleei egokitutako hiztegia erabilita eta azalpen zehatzak emanez. Giro aldetik, atsegina, alaia, motibagarria eta erakargarria lortzen saiatu naiz, ziurtasuna eta erosotasuna eskainiz, material egoki eta erakargarriekin eta hurbiltasunez (ikasleen parean jarriz).
Ikuspegi interakzionisten oinarrizko ideiak kontutan hartuz, keinuak eta hotsak erabili ditut, azalpen gehiago eman ditut zalantzak egon direnean, ulertzen zutela ziurtatu naiz galderak eginez. Errealitateko zenbait ezaugarri azpimarratu ditut eta behin eta berriro errepikatu ditut ezagutza hobeto barneratzeko. Ulertzen ez zuten gauzen kontzeptua azaldu ditut, hausnarketa egitera bultzatu diet (“morea daukazue?” galderarekin eta amaierako marrazki margoketaren azalpenarekin) eta azkenik, haurren sormena bultzatu dut ekintza desberdinekin (ipuinaren aurreko jolasarekin eta geroko marrazki librearekin).
Alde batetik, ipuin kontaketaren hasieran, garrantzitsua da, objektuak izendatu eta identifikatzea eta argibide sinpleak ematea. Bestalde, ipuin kontaketan, konparaketak egitea, iritziak ematea, antzeztea, kontaketak egitea eta argibideak ematea eta amaieran egokia da ideia nagusiak laburtzea eta Informazioa sintetizatzea.